XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badaki Platon-ek haraindiko azken auzi hori, ez haraindi hori bera ere, ez dutela onartzen sofistek, ezta hauen ikasleek ere.

Sokrate-ren bitartez irakasten die orduan haraindi horretan baizik ez dezaketela finka berek beren * jakinduria (Menon), beren irakaspena (Eutidemo), beren solasa bera (Kratilo).

Haraindi horretan dauka, bada, maitasun orok ere bere helburua.

Ezen Oturuntzak eskaintzen digun elkarrizketan, * maitasunaz darabilte luzaz solasa, Agaton-enean, Sokrate-k eta beste bospasei mahaikidek: Guztien arabera edertzalea eta ederra da izatez maitasuna, baina ederra bera bezala, maitasuna ere, Sokrate-k dioenez, mailka-mailka jar dezakegu.

Horra nola gorputz bakoitz baten ederretik igan gaitezkeen gorputz ororen ederreraino eta gero, gorputzen ederretik arimenera; arimenetik berriz jakitatearena eta, azkenekoz, Ederraren beraren ederrera.

Andana honetako azken elkarrizketa menturaz Platon-en ezagunena Faidon deitzen duguna * gorputz-arimen harremanez ari zaigu, hain zuzen.

Delako Faidon hori, Sokrate-ren hil-orduetan han omen zen, entzule eta lekuko.

Sokrate-ren beraren sinets-aitormena dugu, beraz, hemen entzuten, Faidon-en ahotik: gorputzaren traba guztiez oroituz, ez dio gorputzak egiten dolurik; arimak, aldiz, sentitzen du beste munduko haraindi hartan aurkituko dituela osasuna, Indarra, Egia, * Ongia, Ederra, hots, antzineko bizian ezagutu zituen ontasun egiazko guztiak.

Sineste horri esker ditu Sokrate-k bake gozo eta ezti batean iragan bere heriotzerako azken orduak.

Menturaz Faidon bururatu gabe hasia zuen Platon-ek Errepublika liburu handia.

Dena dela, ideia berak agertzen ditu honetan ere, baina politikari aplikazioa eginez.

Justizia, alabaina, politikarien egitekoa da oroz lehen.

Politikari horiek, berriz, gudarien artetik hautatu behar omen dira, Platon-en arabera, baina hortakoz gudariak behar dira ongi eskolatu.

* Lege zorrotzak eta eskola idorrak amesten ditu hemen gure gizonak: Espartako * komunismoaren ereduak dituela gogoan nabari da.

Bienbitartean ez ditu ere ahantzi, berak bere herrian, eta berdin atzerrian, jasan dituen nahigabe politikoak; buruzagien bizioek nola dituzten herriko eraikidura guztiak kutsatzen ongi badaki.

Harpe-zuloan ilunpean preso egon denak bezain nekez du gizonak egiaren argia jasaten, baina egiaren argia zinez maite duen filosofoak edo egizaleak oro garaituko ditu eta agian noizpait Herriak bere aitzindari ezarriko du.

Ez dugu zeren lotsa.

Ondotik heldu zaigu elkarrizketa-andana bat aski zaila eta bihurria.

Bere Akademian ibili solas eta eztabaiden oihartzuna eman nahi izan diguke zahartzaroan Platon-ek.

Bada hor erranaldi zorrotzik, oharpen zehatzik eta irudi aberatsik, baina baita ere ateka eta estreka ilunik.

Faidro gizon gazte bat dugu Sokrate-rekin solastatuko zaiguna maitasunaz.

Badugu horretaz asko entzunik, baina, elkarrizketa hau aditzean, euskal kantu zahar hau gogoratzen zaigu euskaldunoi: Amodioa zein den zoroa mundu guziak badaki..., ezen Sokrate-k ere aitortzen digu halako zoro-antza bat baduela amodiotan denak.

Baina nondik datorren sukar hori behar dugu jakin eta ere nora doan sukarrak hartu duen arima.

Ez ote dira erotuak iduri, bai olerkariak, baita ere profetak, amoranteak berak bezala?.

Ez ote dute gure arima bi zaldi desberdinek bakoitzak bere alde eramaten?.

Batek goiti, zerualdera, egiazko Ideia garbiei buruz.

Besteak beheiti, errekaldera, gorputz-itxura hitsa duen lagunen erdira.

Hiztun ederraren eginbide lehena, Platon-en arabera, izanen da beti, goiko bidetik doanaren laguntzea.

Gero elkarri lotuak bezala dira ondoko bost liburuak, hots, Parmenide, Teiateto, Sofista, Politika eta Filebo: Elkarrizketa logikoak deitzen dira, menturaz bostak logikazko problemen inguruan dabiltzalako.

Parmenide-rekin hasteko, hunkialdi berri bat ematen dio Platon-ek bere * Ideien edo * Formen teoriari.

Ideia horiek, alabaina, ez dakigu zuzen ez zer diren, ez non dauden, ez zenbat diren.

Bataren eta aniztasunaren arteko zalantza sentierazten digu bereziki elkarrizketa honek.

Teiateto irakurri eta berriz badugu oraino beste zalantzarik: Zer da, bada, * zientzia egiazkoa?.

Ez dateke ez eritzi huts bat, ez * eritzi egiazko bat, ezta ere egiazko aburu berretsi bat.

Zer ote, beraz?.

Nork jakin zuzen?.

Sofistarekin bienbitartean Platon aitzina doa.

Sofista, alabaina, ez da berez egiaren gizona, * mitoarena baizik.

Baina mitoak berak ez ote garamatza beti egiazko egiara, zer edo zer izakiren egiazko izateraino?.

Eta Parmenide-ren arabera bat eta bakarra bada ere * Izatea, Platon-ek dio izaki-mota asko badela, adibidez, dagoena, dabilena eta dirauena.